XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lau denborako gasolinazko motorearen zikloa.

Motore-mota honek bi balbula ditu zilindro bakoitzean, bata karburadoreak hornitzen duen aire / gasolina nahastea errekuntz ganbaran sartzeko, eta bestea, errekuntz gasak ihesbidetik irteten uzteko.

Erregai konprimatua pizteko, bujia batek ematen duen txinpart elektrikoa erabiltzen da.

Zikloaren lehen denboran pistoia beheraka joaten da sarrerako balbula irekita dagoen bitartean, eta, horrela, zilindroa, gasolina haustua duen airez betetzen da.

Pistoia goraka hasten denean, sarrerako balbula itxi egiten da eta ihesbideko balbula itxita mantentzen da.

Pistoiak gasolinadun airea konprimatzen du eta goiko itopuntutik hurbil bujiak txinparta jauzierazten du.

Sortzen den eztandak pistoia beherantz bultzatzen du.

Pistoia beheko itopuntutik gorantz abiatzen denean, ihesbideko balbula irekitzen da eta, horrela, zikloaren laugarren denbora osatzen duen pistoiaren goranzko ibilaldiari esker, errekuntz gasak ihesbidean zehar egozten dira.

Lau denborako Diesel motorearen zikloa.

Motore honen egitura lau denborako gasolinazkoarena bezalatsukoa da; ez du, ordea, bujiarik eta, gasolinazko motorean hau egon ohi den lekuan erregai-kopuru neurtu bat errekuntz ganbaran sartzen duen injektore bat aurkitzen da.

Zikloaren hasieran, pistoia beherantz doanean, sarrerako balbula irekitzen da eta airea soilik hartzen du pistoiak.

Bigarren denboran pistoiak aire hori konprimatu eta berotuko du.

Goiko itopuntutik hurbil, airea konprimatua eta beroa dagoenean, injektorea gasolio-lainoa sartzen hasten da eta hau giro horretan berez isiotzen da pizgailuaren beharrik gabe.

Laugarren denbora, gasolinazko lau denborako motoreetan bezalaxe, errekuntz gasak egozteko da.

Bi denborako motorearen zikloa.

Bi denborako motoreok gasolinazkoak nahiz Dieselak izan daitezke, erabiltzen duten erregaiaren eta hau pizteko sistemaren arabera.

Nahiz batzuk nahiz besteek, lau denborakoek ez bezala, bira bakarrean osatzen dute zikloa.

Hemen gasolinazkoaren zikloa deskribatuko da, Dieselarena ondorioztatzea irakurlearen esku uzten delarik.

Bestalde, bi denborako motoreek egitura desberdinak izan ditzakete, baina hemen hauetako bat bakarrik azalduko da.

Deskribatzen ari garen motore honek badu balbula bat ihesbiderako zuloa ireki eta ixteko, baina erregaiaren sarrerako zuloa pistoiak berak ireki eta ixten du.

Beheranzko ibilaldian bi zati bereizi behar dira: lehenengoan, erregaiaren aurreko eztandari esker, pistoia beherantz higitzen hasten da.

Erregaia sartzeko zuloa itxita mantentzen da harik eta pistoia posizio bateraino jaitsi arte.

Hemendik aurrera erregai freskoa sartzen hasten da.

Pistoiaren goranzko ibilaldiak ere bi zati ditu: lehenengoan erregaiaren sarrera irekita dago, baina pistoiak, gora joan ahala, itxi egiten du eta bide batez nahastea konprimatzen du.

Bujiak erregaia pizten du, pistoiari beherantz eraginez.

Espeka baten bitartez ihesbideko balbula irekitzen da ibilaldi eraginkorraren bukaera aldera eta irekita mantentzen da, pistoia gorakoan konpresioa egiten ari den bitartean, errekuntz gasei aldegiten uzteko, irekitzen den arte, eta gero berehala ixten da.